Zientziaren filosofia feministak garatutako hiru ikuspuntuetako bat "standpoint" edo ikuspuntuarena da. Honek, hausnarketa kritiko bat egiten dio zientziaren ikuspuntu tradizionalari eta emakumeon paperaz edo lekuaz mintzatzen da.
Lehenik eta behin, emakumeon eta gainontzeko zapaldutako taldeen presentzia eta ahotsa zientzian (bizitzaren arlo guztietan bezelaxe) guztiz beharrezkoa eta zilegizkoena dela deritzot. Zientzia ere gizartearen isla delako eta bertako profil anitzek beraien txokoa izan behar dutelako komunitate zientifikoan.
"Feminista" ezaugarri edo etiketa ere zerbait guztiz positiboarekin lotzen dut. Zapaldutako taldeen askapenak eta berdintasun kutsuak ere on egingo diotelako zientziari eta bere aplikazioari. Adibidez, emakume zientzialarien presentzia handitzeak ikerketa lerroak zabaltzea ekarri du, historikoki ahaztuak izan diren arazoei eutsiz.
Akatsa, edo nire iritziarekin bat ez datorrena, genero bakoitzari esleitutako ezaugarri zerrenda da eta estereotipo horiek dakarten atzeko karga. Adibidez, emakumeari atxikitzen zaion zaintza lan hori, bereziki feminismoaren barnean landu dena azken urteetan, historian zehar karga bat izan da emakumeontzat, zaintza lanak gure eginbehar izatera mugatuz.
Hau da, niretzat ikuspuntu desegokia litzateke emakumearen partehartzeak intuizio, praktikotasun eta zainketa bezalako ezaugarriak txertatuko dituela bermatzea. Emakumeon rola ez da zientzia tradizionaletik at dagoen estilo berri hau potentziatzeko erantzukizuna. Ez dugu behar bati erantzuten, eskubidez dagokigun lekua okupatu baizik.
Neutrala eta hotza den zientzia tradizionalaren arrakala ez da emakumeon erantzukizuna. Baloredun zientzia bat eraikitzearen lana guztion eskuetan dago. “Emakumeen zientzia eredua hobeagoa da”. Kontuz, emakumeDUN zientzia bat hobeagoa izango da bai, zientzia berriaren ardurak ordea bere gain erori gabe. Horrela balitz, estereotipoek aurrera jarraituko dute eta borroka, nire iritziz, ez genuke ildo zuzenetik bideratuko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina